×
CONNECT

Valtierrako indusketak

“EL CASTILLO DE VALTIERRA” (NAVARRA)

Jesús Lorenzo Jiménez irakasleak eta Juan José Bienes eta Óscar Sola arkeologoek zuzenduta, Valtierrako indusketak CONNECT proiektuak aztertutako gaiei erregistro materialaren ikuspegitik erantzuten die. Aztarnategia, gutxienez emirraldian datatua, al-Andalus eta kristau-lurraldearen arteko mugan dago kokatuta. Aztarnategiak konkista feudalak ekarri zuen lurraldearen berrantolaketa ikusteko aukera ematen du, eta berarekin batera euskara eta erromantze hizkuntzako talde kristauen eta arabierako musulmanen arteko elkarbizitza baldintza berriak –eta desberdinak–ere erakusten ditu.

Valtierrako udalerria Nafarroako Erriberan dago kokatuta, Tuteratik 15 kilometro eskasera, Ebro ibaiak eratzen duen lautada alubialaren gainean. Inguru honetan Burdin Arora atzeratzen diren kokalekuak egoteaz gain, zenbait aztarnategi erromatar ere garai hartan lekuak zeukan garrantziaren lekukoak dira. Aro islamikoan, lurralde hau Tuterako hinterland-ean zegoen, erregistratzen den lehendabiziko aipu idatzia garai honetakoa delarik: Baltīra (بلتيرة), X. mendeko kronika batean agertzen denaren arabera.

1118. urteko Aragoiko konkistarekin, al-Andalusek lurralde hau galdu zuen betirako. 1134.ean Nafarroaren mende geratu zen eta hala jarraitu du gaur aurte.

2019. urtean Juan José Bienes eta Oscar Sola arkeologoek Valtierrako alde historikoaren gainean altxatzen den meseta itxurako muinoan prospekzio geofisikoak egin zituzten. Toki honen izena “El castillo de Valtierra” da, bere azalean izen hau azaltzen duen gaztelu baten zantzurik txikiena ez egon arren. Hala ere, georadarrak herri memoriak oinarria zeukala agerian jarri zuen, lur azpian zeuden egitura arkitektonikoak jakitera emanik. Jarraian, emandako toki batzuetan zundaketak egiteari ekin zitzaion, lehenengo hormak errebelatuz, IX. mendekoak, hau da, emirraldikoak, bildutako zeramikak erakusten duenez.

2020. urtean, Euskal Herriko Unibertsitatea, CONNECT proiektua sustatuz, eta Valtierrako udala proiektu kolaboratibo bat prestatzen hasi ziren, 2022an hitzarmen bat sinatzearekin burutu zena. Besteak beste, UPV/EHUko ikasleei arkeologia-lanetan parte hartzeko aukera eman die honek.


Lan arkeologikoen zuzendaritza bikoitza da. Alde batetik, udaletxeak kontratatutako arkeologoak, hau da, Juan José Bienes eta Óscar Sola, eta bestetik Jesús Lorenzo Jiménez, UPV/EHUko Filologia eta Historia saileko irakaslea eta CONNECT proiektuko kidea dena. Parte hartzen duten ikasleek indusketarako formakuntza osoa jasotzen dute (metodologia, estratigrafia, erregistroa, zeramika-tratamendua etab.), landan zein klaseetan, etorkizuneko arkeologoen prestakuntza integralaren aldeko apustu garbia izanik.


Orain arte lau kanpaina burutu dira, eta horien ondorioz, kokaleku andalustar bat identifikatu da, gutxienez emirraldian data daitekeena (IX. mendea). Momentuz, kokalekuak Ebro Ibarreko beste landa-kokalekuen parametroak jarraitzen ditu, Huescan dagoen Sillas de Marcén delakoarenak hain zuzen: habitatak muino bateko ordoki batek eskaintzen dituen defentsa naturalak baliatzen ditu; ongi definitutako kale-sare batek egituratzen du eraikin multzoa; Ebro ibaiaren uholde-lautadan dauden ekoizpen-eremuen gainean. Laborantza eremuen identifikazioari  2023. urtean helduko diogu ikuspuntu arkeologiko batetik. Orain arte egindako aurkikuntzen artean tina baten puska batean agertzen den inskripzio ebaki bat gailentzen da, gaur egunean ikerketa fasean dagoela.


Era berean, interesgarria da konkista feudalaren ondoren kokalekuak izan zuen bilakaera miatzea. Itxura guztien arabera, garai hartan kokalekuaren konfigurazioak aldaketa drastikoa eta dramatikoa jasan zuen, lehen momentu batean eraikinak potentzia handiko betegarrien bidez amortizatuak izanik, geroago lurra berdinduta, hiri-sare berri bat sortzeko, islamiar aldikoaz bestelako orientazio batekin. Eraldaketa drastiko honi esker, aurreko fase horretako hormak kontserbatu ahal izan ziren, metrotik hurbil dauden altxaerakoak. Indusketan sekuentzia estratigrafikoa identifikatu ahal izan da, konkista feudalaren aurretik kokalekuak izan zituen fase ezberdinak erakusten dituena. Garai feudalekoak dira, halaber, goi-ordokiko ipar-mendebaldeko sektorean dokumentatu diren enkofratu-hormak. Horma horiek jokatzen zuten papera argi ez egon arren, badirudi muinoaren tontorra inguratzen zuen perimetro-horma baten parte izan zirela.

Etorkizun hurbilerako, alde batetik, aparteko aztarnategi hau induskatzen jarraitzea aurreikusita dago, habitat andalustarra hobeto ezagutzeko, eta baita garai feudaleko bilakaera ere. Bigarrenik, aztarnategia bere testuinguru geografikoan aztertzeari ekingo zaio, paisaiaren arkeologiaren metodologiari jarraituz egingo dugun azterlan baten bidez.


© 2022 - 2024.

CONNECT
Societies on the Edges: A Combinative Approach to Cross-Cultural Connections in Early Medieval Western Europe